XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Takolo, Pirritx eta Porrotx pailasoekin eta atzeratuen aldeko jaialdiaz egingo da Zaraia zinemaren estreinaldia

Urtebete baino gehiago itxita egon ondoren datorren urtarrilaren 13an, zapatua, izango da Zaraia zinemaren inaugurazio ofiziala.

Behar den moduko estreinaldia egiteko, bi emanaldi garrantzitsu antolatu dira egun horretarako.

Alde batetik, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailasoak.

Eta bestetik, azken bi urteetan antolatu barik egon den Atzeratuen aldeko jaialdia.

Pailasoekin ekitaldia arratsaldeko 5etan ekingo da eta sarrerak aurrez Kultur etxean, ludotekan eta kiroletxean, 300 pezetatan salgai daude edo bestela takilan bertan 500 pezetatan.

Blues-a, akordeoia eta txiste lehiaketa

ARATZ elkarteak antolatutako Atzeratuen aldeko jaialdia barrez, gaueko 9,30etan ekingo da. Jaialdian, honako ekitaldiak egongo dira: Sonora Cerrajera taldea, Aretxabaletako gaztetxoen akordeoi orkestra eta txiste lehiaketa.

Azken hau, 8 urtetatik 14 urte bitarteko gazteentzat zuzenduta dago eta oraindik ere apuntatzeko epea zabalik dago, horretarako kultur etxera jo behar da edo eta bestela jaialdian bertan aurkeztu.

Jaialdiko aurkezleak zeintzuk izango diren ezin aipatu barik utzi, horretan arituko dira, Eider Otxoa eta Jon Antxia.

Txiskola lehiaketako irabazleak jaialdian

ARATZ taldekoek beti antolatu izan dute zeozer barria.

Aurten ere txiste lehiaketa dela eta, Txiskola programan irabazle izan ziren abadiñoarrak hemen izango dira txiste kontari.

Zinemaren estreinaldirako ekitaldi aproposak dira eta zinemako 490 aulkiak aguro beteko direla uste da.

Zineko pelikulak noizko?

Udaletxeak oraindik ez daki noiz hasiko diren zineko proiekzioekin.

Orain artean, Inaxio Lopez de Uraldek, bere borondatez eramaten zuen zineko gestioa.

Azken honek utzi egin dio lan horri eta hemendik aurrera zinearen explotazioa enpresa bati emango zaio postua publikora atereaz.

Enpresa honen esku zineko explotazio guztia geldituko da, baina herritarrek zinea erabili gura izan ezkero lehentasuna izango dute.

Hori bai, hilabete baino lehenago baimena eskatu beharko da, enpresak denboraz jakin dezan.

Baimena eskatzerako orduan, 500 pertsona baino gutxiago sartzen diren lokaletarako, Aretxabaletako zinea kasu, nahikoa da Udal baimena eskatzea, eta ez da beharrezkoa Eusko Jaurlaritzarena.